Interpreteak eta bideoaren egileak: Bostak eta Laurenak
| ORBAIZETAKO ARMA OLAREN KANTUA AIEZKOAKO MENDIETAN | |
Orbaizetako arma-olaren
horma zaharrak
suzko ekaitz dardartsu guziak
jaurtikiaz jasanik,
kondaira urratu baten
ezaugarri bezala, xoilki,
bakardadean geldituak.
Beren baitatik ohizko bidean
erreka iheskorra badoa,
harriez maitemin eta lehen-minez
eten gabeko joanean,
hezetasun orlegiz
itzala jauntziaz,
eta uraren murmurio zoroak
hantxe du aurkitzen
oihartzunaren lillura.
Nortasun sarkorra darion
jaure sendoa, gure nahi
eta ezinezko izate hautsiaren
irudi apurtua.
Zahartuegia dagoen
gure ez izatearen mina
ixurtzen ari den sabel sofritua.
Eta eguneroko bakardadean,
ixil ixilean,
nehor ere ohartu gabean,
suzko, burdinezko eta zizpazko
oroitzapen zaharrak
kopletan jalgitzen dira
hormetan erroak dituzten zuhaitzetan gora.
...Eta basoilarrak
kantatzen du
Iratiko basoan.
|
|
| Hitzak: Jose Angel Irigarai Musika: Benito Lertxundi | |




















