2022(e)ko azaroakren 23(a), asteazkena

Mundua ala gu

Mundua ala gu kanta Alboka taldeari zor diogu eta esan daiteke lan partekatu bat izan dela, bertan eskua sartu duten artistak hauek izan direlako:

  • Joxan Goikoetxea (akordeoia)
  • Alan Griffin (txistu irlandarra)
  • Fiachra Mac Gabhann (bouzoukia eta mandolina)
  • Alex Sardui (1. ahapaldiko ahotsa)
  • Petti (2. ahapaldiko ahotsa)
  • Eñaut Elorrieta (3. ahapaldiko ahotsa)
  • Mikel Urdangarin (4. ahapaldiko ahotsa)
  • Amets Arzallus (5. ahapaldiko ahotsa)

Hitzak Amets Arzallusek idatziak dira eta atzematen da kantari bakoitzari ahapaldi propioa jarri ziola, edo behintzat horrela ikusten dugu guk. Banan-banan zerrendatuz:

  1. Alex Sardui gernikarra: Gorozikako seme soldadu eta rockeroa
  2. Petti beratarra: Ibardineko langile kottadua
  3. Eñaut Elorrieta: Ilargiari, izarrei, itsasoari eta borrokari kantuan beti
  4. Mikel Urdangarin zornotzarra Gasteizen errotua: Bitoriako Matxete eta Kutxillerian zehar
  5. Amets Arzallus: galdera berrien eskean beti

Alboka: euskal folk musikaren taldea

Jarraian abestiaren hitzak eskaintzen ditugu:

MUNDUA  ALA  GU
    Gorozikako seme, frenteko soldadu,
    mendian larrartean sentitu naiz salbu...
    Rockaren izenean neure aita saldu,
    baina zimur artean duda zait zabaldu:
    nor aldatzen da gehien mundua ala gu?





    Kañabera sorotan hamaika esklabu,
    ta ni Ibardineko langile kottadu...
    Puruek zenbat hosto, ronak zenbat gradu,
    zintzur erlastu honek galdera bat badu:
    nor aldatzen da gehien mundua ala gu?





    Ilargi erori bat, ta lau izar galdu,
    itsaso uhertu bat guregan dakargu,
    borroka xarmatuak berea eman du,
    ta galdetu nahi dugu ez bada berandu:
    nor aldatzen da gehien mundua ala gu?






    Bitoriako blusak ator ederra du,
    gitarra zahar batekin Matxeten azaldu,
    gero Kutxillerian eguna zabaldu...
    Goizean ispiluak galdetuko balu:
    nor aldatzen da gehien mundua ala gu?






    Bizi denak derrigor aldatu behar du,
    munduak itzulika tai gabe dihardu,
    kontraesan guziak hartuz geure kargu,
    herri honek aurrera jarraitu nahi badu,
    galdera berri baten beharra daukagu.
    erantzun zaharrekin erdoildu gara gu
    ta galdera berrien beharra daukagu.






                            Hitzak: Amets Arzallus


Alboka taldearen Mundua ala gu

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina