2013(e)ko maiatza 7, asteartea

Georgia, hizkuntza eta kantua (Gontzal Mendibil)


Georgia, hizkuntza eta kantua

Badira sei bat urte lagun talde musikari euskaldun bat Kaukaso aldean dagoen Georgia herrialdean izan ginela. Gure joan-etorria korapilatsua izan bazen ere bizi izandakoa ez dut ahazteko!.  

Durangoko azokak aurten Georgiar (kartulien) literatura ekarri digu gugana. Antza denez gure georgiar idazleek ere ez dute honantz etortzeko errez izan. Tamalez, etorteko ziren lau idazleetatik, hainbat oztopo jasan ostean eta bidaiatzeko baimenik lortu ezean, bik besterik ez dute etortzerik lortu.

     Bidaia haren oroimen biziak dauzkat oraindik gogotan. Georgiarrek gure bihotzak hunkitu eta barruak murgierazi zituzten orduan. Harrera ezin hobea egin ziguten. Nire ustez, lekuak baino lekukoak dira estimatuago bidaietan eta horixe gertatu zitzaigun, bertako jendeak liluratu egin gintuela. Hitza betetzen zekitenak ziruditen kartuliarrek, zerbaiten beharrean bageunden, beti laguntzeko prest agertzen zitzaizkigun. Eta benetako eskasian egon arren, tabernetan, hoteletan edo jatetxetan, bertako langileek ez zizuten inondik inora propinarik onartuko.
  
 Ordutik hona sarritan izan dugu albiste Georgia, eta dirudienez gure herriaren antzera han ere ez dute lasaidurarako aro onik. Lurralde korapilatsua izan da historian zehar eta hala dirau egun ere.

 Historia luzea, jantzia baina gora-beheratsua dute georgiarrek. K.a. IV mende, erromatarrek eta grekoek Iberia izenaz deitzen zieten Georgiarrei.  Beraz, iberotarrak ziren georgiarrak. Bada ibero horiek gure lurralde hauetarantz etorri zirela  diotenik. Badira baita gure hizkuntza eta georgiaren arteko parekotasuna begi bistan jartzen dutenik ere. Aintzinako iberoen aztarna omen da euskera, hangoxekoen irla. 

Eta konpareketan hasita, hizkuntzaren aztarnetan murgilduta eta antzekotasunera begira fonemen antzekotasuna ageri agerian da. Toponimiara bagatoz ere han Artxanda, aran, uri, pasanauri, ura, zemendia, artoa, aramotz, iber, guria, txitxia eta halako hitzak neuk entzunak eta ikusiak ditut. Hizkuntzalariek eta hortan dihardutenek badute oraindik zer ikertu, baina gaurkoen begiez entzumenez edo adimenez baino, atzokoen irudimenez eta aztarnaz eta arrazto haien bizitasunez  ikertu dezatela eskatuko nieke.

Hizkuntzaren tonoa, esanak egitura ez da idatzitako textoetatik bakarrik aztertu behar, hala uste dut, barruko adimenak eta entzumenak argituko dizkigu gauza asko, berez zientziak hotz hotzean argituko ez digunak, jakinda gainera kasu hontean, gurea, alfabeto erromanoa dela eta beraiena zirilikoa.

Beraz kontu egiten diot: Jon Keats poeta britainiarrak dinoanari ”zertan ez nago ziur bihotzaren garbitasunaz eta irdudimenaren egiaz ez bada: eta irudimenak edertasuna hartzen duena egia izan behar”.

Ba da bestetik gure artean parekotasunetara joanda izaera ere parekoa dugula eta jateari eta janarekiko diogun miresmen hori ere berdintsua dela dionik. Jan, edan eta kantatu hori bait da Georgiar batek egin beharreko betebeharrik derrigorrezkoenak, eta nola ez, otorduan brindisak, topa eta topa, orain gure herriaren etorkizunarengatik eta bi minututako berbaldia, gero gure emakumezkoen zoriontasunarengatik, geroago gure umeen ondasunagatik eta horrela jatordu osoan zutik jarri eta topa. 

Georgiak 70.000 km2 dauzka, Euskalherria hiru aldiz; eta sei milioi biztanle. Lurralde berdea, menditsua, antzinateko historiaz betea, baina lurralde zaila, gertarera gogorrek suntsitua eta sakabanatua, isolatua; ekialdean Azerbaiyan eta Dagestan ditu auzo, goialdean Txetxenia, behealdean Turkia eta Armenia eta mendebalderantz  itsas beltza.

Tartaroak XIII. mendean sartu eta inbaditu zuten gaur Georgia dugun herrialdea. Gune korapilatsua eta nahaztua dugu Kaukaso aldea, ez da oraingoa, Persiarrek eta Bizantziar inperioa handiak han izan ziren konkista nahian urte luzez. 1795 aldera Persiarrek txikitu zuten Tblisis Georgiarren hiriburua. Handik lasterrera Errusiar imperio handiaren menpe gelditu zen Georgia. Orain hamasei bat urte birujabetasuna lortu ba zuten ere, gaur egun Errusia eta Georgiaren arteko tirabirak handiak dira. Liskarrean diraute egun. Eta 1999z geroztik, hau da, Putin boterean dagoenetik areagotu besterik ez dira  egin areriotasunak. Moskuk bertan hainbat base militar ditu eta ez dute oraingoz uzteko asmorik agertu.

Putinek, georgiarren kontrako akusazio gogorrak bezain ankerrak jaurti izan ditu sarri askotan. Georgiak ez duela terrorismoaren kontrako laguntzarik eskeintzen eta Txetxeniar gerrilarie armaz hornitzen dietela batetik eta lurralde hura terrorista errefuxiatuen babesleku bihurtu denaren akusazioz. Moskuk ordudanik, georgiar ekonomiari min egin izan dion blokeoa jarriz.

Kantuak dion bezalaxe, ez dira beraz garai onenak kartuliarrentzat. Baina politikaren zailtasunak ahaztu barik eta  egunerokotasun deserosoak kontuan hartuta, egunotan georgiarren literaturaz aditzeko eta entzuteko parada eta gozamena izango dugu Durangoko azokan. Hango bi idazle entsutetsu etorri dira gugana, geuk ere beraien sorkuntzen berri jakin dezagun.

Bi gauzak salbatu izan digu Georgiarren etorkizuna, bata hizkuntza (hizkuntza zaindu eta landu behar den lehen balorea baita) eta bestea, kantua, eta bi hauexengandik gaude bizirik georgiarrok, hauxe ziozkun bertako lagun batek eta inoiz kontatu izan dudan gertaera  hunkikarri bat esan zigun gure lagunak: Georgiarrek mendizaleak baitira, Kaukaso iparrean 6 mila metrotik gorako mendigainak daude eta gertaera triste bat bizi izan dutenaren berri eman ziguten. Ba omem zihoazten lau georgiar gazte bertako mendi mitiko bat eskalatzera eta zorigaitzez lauetariko bat kordadan labanka egin eta zintzilika geratu omen zen beste hiruren pentzu eta hauen indarren menpe. Gauza gutxi egin zezaketen hiru lagun hauek, indarrak ere denbora pasaz ahultzen zihoazen eta  zintzilik zegoen laugarren honek kordela mozteko oihukatzen baitzien, baina nola moztu, nola utzi laguna hiltzen, eta laurak arriskuan eta indarge. Zintzilika zegoen hura kantatzen hasi baitzen ozen eta tinko, hauxe bait da hiltzeko prest dagoenaren seinale, georgiarrek kantatzen hiltzen baitira eta kantua oihartzun bihurtzen baita belaunaldi luzeetan. Horrelaxe hiltzen ziren georgiar lagunik onenak eta kantu hoiekin salbatu omen zen Georgia.

     Euskaldunok ere berdintsu egiten omen duzue, kantatu eta zuen hizkuntza zaindu, zihoen kontalariak. Badakigu euskaldunok aspaldidanik ari zaretela zeuenari eusten, nortasuna gordetzen, eta erroak mantentzen. Georgiarrentzat lurrari maitasuna eskeintzea eta bizitzari errespetoa gurtzea dira izaterik preziatuenak. Guk betidanik apreziatu dugu bakea, gure maitasunez utziko diegu gure hurrengoei, pasa diezaiegun gure semeei gure ohiturak, gure izatea eta gure baloreak, beraiek ere zintzo eta leial defendi ditzaten, halako hitz esanguratsu ederrekin agurtu ziguten.

Behar bezalako harrera eskeini diezaiegun. Georgiarrengandik egiten dut topa! eta Georgiarren hizkuntzak eta beraien literaturak oparotasuna euki dezan!


Gontzal Mendibil


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina