Jaun baruak izeneko kanta Benito Lertxundi oriotarrari esker ezaguna egin zen 1975ean "...eta maita herria üken dezadan plazera" diskoan argitaratu zenean, kanta horren gainean zenbait oker zabaldu ziren. Hasteko, kantaren jatorrizko izena Arbotiko prima eijerra da eta hori baino larriago: hitzak ez dira anonimoak diskaren azalean aditzera ematen zen bezala, hitzak Beñat Mardo bertsolari zuberotarrari zor dizkiogu.
Baina urteak aurrera joan arren akats eta errakuntsekin jarraitu dugu. Gure kantagintzari begirada bat bota ezkero, 2010eko "Munduan ortozik" izeneko diskoan, Kherau taldeak Jaun baruak izenburua duen kantaren bertsioa egiten duela aurkituko dugu, eta oraingoan ere hitzak herrikoiak direla adierazten da.
Arbotiko prima eijerra (Jaun baruak) XVIII. mendeko epitalamio (ezkontza-kantu liriko) bat da, esan bezala, Beñat Mardo koblakariak sortua Baxenafarroako Amikuze inguruko bi nobleen ezkontzarako: Maria Place Arbouet eta Armand Jean Uhart. Jatorrizko hitzak hauek omen ziren:
ARBOTIKO PRIMA EIJERRA
(Beñat Mardo, XVIII. mendea)
Jaon baruak aspaldin
Xederak hedatü zütin
Xori eijer bat hatzaman düzü Paubeko seroren komentin
Orai harekin biziren düzü, aspaldian gogun betzin.
Jaon barua, orai zü
Felizitatzen zütügü
Zeren beitüzü Mus de la Plazaren prima eijerra esposatü
Andere hori hirus düzü: zuri ez deizugu dolü.
Xedera balitz halako
Merkatietan saltzeko
Ziberuko aitunen semek eros litzazkie oro
Halako xori eijertto zunbaiten hatzamaiteko!
Jarraian, 1975 geroztik guri heldu zaigun abestiaren hitzak eskaintzen ditugu, eta horiekin batera nolabaiteko itzulpen librea. Eztei-kantu bat izanik, iruditzen zaigu azken bi ahapaldiak lekuz kanpo daudela, horregatik zalantzan jartzen dugu Beñat Mardok kantatutako bertsoaren zati direnik:
| ARBOTIKO PRIMA EIJERRA (JAUN BARUAK) | |
Jaun baruak aspaldin
Xederak hedatu ditin
xori eijer bat hatzaman dizü
Pabeko seroren komentin,
orai harekin biziren düzü
aspaldian gogun beitzin.
Xedera balitz halako
merkatüetan saltzeko,
Xiberuako aitunen semek
eros litzazkie oro,
halako txori eijerto
zunbaiten hatzamaiteko.
"Igaran apirilaren bürian,
armadaren erdian,
züntüdan bihotzian,
armak oro eskian;
present espiritian,
mahanka besuen artian"
"Jauna maite banaüzü,
erraiten düzün bezala,
kita ezazü, kita ezazü
Erregeren zerbütxüa
eta maita herria,
üken dezadan plazera"
| El señor barón hace tiempo
tendió sus redes
y atrapó un precioso pájaro
en el convento de monjas de Pau,
ahora vivirá con aquel
como deseaba desde hace tiempo.
Si ese tipo de redes
se vendieran en el mercado,
los hidalgos de Zuberoa
los comprarían todos
para atrapar
tan hermoso pájaro.
"A finales del pasado abril,
en medio del ejército,
te tenía en el corazón
todas las armas en la mano
presente en el espíritu,
me faltabas entre los brazos"
"Señor, si me ama
tal como afirma
abandone, abandone
el servicio del Rey
y ame al pueblo
para que yo me contente"
|
Hitzak: Beñat Mardo
Musika: Herrikoa
| |

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina